XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina ostiralean han zegoen.

Geltokiko sargela jendez gainezka zegoen.

Ez genezakeen leku hoberik aurkitu inor gutaz ohar ez zedin, jendearen atergabeko joanetorriaren erdian.

Platanozko irabiatu baten bila joan nintzen Angelikari emateko -horixe gustatzen zaio eta, marrubizko bat hartu nuen neuretzat, eta bi edalontziak zokorik ezkutuenean zegoen mahai ttiki bateraino eraman nituen.

Elkarren ondo-ondoan eseri eta batabesteari eskua estutu genion mahaiaren azpitik.

Bapatean biok ia batera hitzegiten hasi ginen eta ez ginen isiltzen.

Bururatzen zitzagun guztiaz hitzegiten genuen: ikastetxaz, etxeaz... etxeaz batez ere.

Bazegoen hamaika gauza kontatzeko!

Hizketaldiaren erdian, Angelika bapatean makurtu zen eta susmur batez garrasi egin zuen:

- Izeba!.

Hamar mahai harago, adineko emakume bat ari zen igarotzen; jakina, Angelikaren izebarekin zerikusirik ez zuen adineko emakume bat, nola etorriko zen doi-doi Angelikaren izeba izozkitegi honetara, geltokira hain zuzen, gau eta ordu honetan?

Angelikaz barre egin eta berak ere barre egin zuen nirekin batera, baina kezkaturik geratu zen.

Alde egiterakoan, ordu bete geroago -ezin zitekeen denbora gehiagoz etxetik kanpora egon-, berrriro ikaratu zen:

- Harako hura... ez al dun Peter Dossek?

Ez zen, eta esan nion Peter, bera izan bazen ere, sekula ez zela salataritzan arituko.

- Bai, arrazoia dun -baieztu zuen.

Ez dinat praktika handirik ezkutuka ibiltze honetan!

-...eta gainera pertsegizio-mania dun -segurtatu nion.

Zerbait hobea asmatu beharra zeukanagu.

Zergatik ez gaitun kanporago geratzen?

Hariztian esate baterako?

Eta oihanean barrena paseatu?

Han ez gaitin inork ikusiko.

- Ez dit hainbeste denbora kanpoan egoten uzten -esan zuen Angelikak, eta berari bururatu zitzaion igeritoki estaliaren ideia.

Igerian egitera zihoala esango zuen (Nola bere etxean kirola maiuskulaz idazten duten!), eta nola igeritoki estalia oso kanpoan dagoen, hiru bat ordu beharko zituen joanetorria egin ahal izateko, nahikoa denbora oihanetik ibilaldia egiteko.

Hurrengo asterako geratu ginen, ostiraleko hiruretan, azken geralekuan.